viernes, 29 de febrero de 2008

Fidel(en)tasunez

Joseba Azkarraga Etxagibel
Soziologoa, HUHEZIko irakaslea

Latinoamerikako goi agintariak batu ziren aldaketa klimatikoaz hitz egiteko asmoz. Bertaratutako batek, samara ondo itsatsita eramango zuen Harrods-en erositako azken diseinuko gorbata, harro deklaratu zuen: “Kubari dagokionez, aldaketa klimatikoaz ez, Fidelek eragindako goseari buruz hitz egin behar genuke.” Gogora ekarri zidan zenbaitzuk heretikoa egurtzean bizi duten plazer ordenazalea.

Fidelek, artikulugintzarako duen sasoia berretsiz, zera gogorarazi zion goseaz ardura zipitzik izango ez zuen gorbatadunari: “Kuban, umeen hilkortasun tasa AEBetan baino txikiagoa dela gogorarazteko obligazioan jarri nau gizon prestu honek. Ziurta daiteke ez daukagula herritarrik doako asistentzia medikurik gabe. Guztiek ikasten dute, eta guztiek dute lan erabilgarria egiteko eskaintza, nahiz blokeo ekonomikoak ia mende erdi iraun eta AEBetako gobernuak gogor tematu, goseak eta asfixia ekonomikoak kubatarrak errendi ditzan.”




Kubatarrek eskasia garai larriak pasa dituzte, halaxe da, eta sistema hori ez dago akatsez libre, bistakoa da hori. Eta gorbatadun prestuak burutik behera txiza egin nahi izan zion sozialismo kubatarrari, gosea herrialde hartatik igaroa zela aprobetxatuz. Komuneko tapa altxatzea ahaztu balu bezala, bueltan jaso zituen zipriztinak. Hurrengoan gorbata gehixeago estutu behar ote lukeen, hitz errazegiei pasabidea mehetu aldera.

CIAkoak 600dik gora aldiz saiatu dira Fidel akabatzen eta, idazten ari denarentzat, horietatik guztietatik bizirik irten denari, horri arrakastaz aurre egin dion herriari, besterik ez bada zor zaio errespetua. Baita irribarretxo konplizea ere. Baina, bada hori baino askoz gehiago, halakorik idaztea batere modan ez badago ere: gizadiak kaiman itxurako irlan esperimentatu duen formulak badu, ikuspegi ebolutibotik, aztertu beharreko inteligentzia berezia, gizadiak etorkizunean beharko duen logikaren zati bat hantxe dago.

Akatsak akats, ikusita hango biziera, energia gastua biztanleko, bizikletak autoari hortzak zelan erakusten dizkion, kontsumismoari uzten zaion toki ezereza, errekurtsoen banaketa orekatua; ikusita Ekotopiatik gertu dagoen aztarna ekologikoa eta beste guztia, perfekziotik oso urrun, baina etorkizunerako pistak dituela ikusten da.

Batek daki zenbat aldiz alderatu den hirugarren munduko herrialdea, Kuba, lehen munduko gizarteekin, bere ingurukoekiko konparazioa saihestu guran bezala. Badu zentzurik tranpa hori egin nahi izateak, izan ere, Kubako haurren hilkortasun tasa nahi lukete guatemaltarrek; hango osasun zerbitzuak nahi lituzkete argentinarrek; hango berdintasun materiala, brasildarrek edo txiletarrek; hango kultura politikoa eta alfabetizazio maila nahi lukete mexikarrek.

Eta hori guztia (haurren hilkortasun tasa, hezkuntza maila, berdintasun ekonomikoa eta osasun zerbitzua) nahi lukete estatubatuarrek. Hots, gure espezieak sekula eman duen potentzia militar, politiko eta ekonomikorik handienak.

Halere, herrialde aberatsetako sabel intelektual ase gehienek ezer gutxi aitortu nahi diote saltsa erritmoz eginiko eredu sozialistari. Ez dago modan. Eta normalean pluraltasun politiko eza dute argudio. Jakina baita hirugarren munduko gizarte ahituetan, demokrazia liberal-parlamentariorik eza dela denetan arazorik larriena. Jakina baita gosetuarentzat bipartidismoan oinarrituriko sistema politiko-elektorala dela askatasuna neurtzeko modu gorena.

Bigarren errorea: komuneko tapa altxatu eta, apuntatzeak duen garrantzia ahazturik, zulotik kanpora txiza egitea. Gorbata nasaiegi, hitzak libreegi.

Umeei, zazpi urte bete arte, esnea kosta ahala kosta bermatzea aspaldi erabaki zuten kubatarrek, inor esne-mamitan bizi ez bada ere. Bai, neurri sinplea, sinplea bezain iraultzailea, munduko umerik gehienek ez baitute halakorik sekula izango. Eta horiekiko begirune hutsagatik baino ez bada, estutu ditzagun gorbatok otoi, hitzak finago aukeratu aldera.

Gibara izeneko herri batean, gazte kubatar batek kontatu zigun estatuak hilero 150 peso kubatar ematen zizkiola unibertsitatera joatearren. Ez dut ezagutzen halako herri txikietara unibertsitatea eroan duen sistemarik, ezta unibertsitatera joateagatik ordaintzen duen herrialderik ere. Gibarako gazteak pozarren hartzen zituen diruok, baina erreta zegoen, aspaldi zuen hartua sistematik aldentzeko joaneko billetea, bueltarik gabekoa.

Izan ere, gazte askoren bizi esperientzian erraldoiak dira sistemak ezartzen dituen muga biografiko-indibidualak, eta kakanarrutzat dituzte sistemaren bertute sozialak. Mugikortasun geografikoari (herrialde barruan eta herrialdetik kanpora mugitzeko aukerari) zein kontsumismoari ezarritako trabak dira mugetako batzuk.

Ondorioz, kontsumorako askatasun indibidualarekin amesten duten sektoreetan, legitimazio zutoinek dardara egiten diote sistemari. Horiengan, kontsumo goseak hartu dio lekua iraultza gogoari, gizadiak sekula asmatu duen suntsipen masiborako armarik beldurgarrienak alegia, regetoiak saltsari bezalaxe. Eta zorion indibidualistaren promesa galarazten du sozialismoak, berau sentitzen dute euren muga eta zailtasun biografiko guztien iturri. Direnak eta ez direnak egotziz.

Kuba Latinoamerikako herrialderik justuena ez dela frogatu nahi lukeenak, lan handiak lituzke. Gazte askori baina, bihotzetik urrutiratzen ari zaie iraultza eta honen motiboak, zenbaitzuk utzi diote eurena maitatzeari, zaintzeari, balioesteari. Herrialdea ezagutzen duenak badaki eguneroko ekintza ia oro, sistemari azpi-jokoren bat egiteko trikimailua dela. Gibarako gaztearen aitak zioskun bezala, “herritarrek langile itxurak egiten dituzte, eta estatuak ordaintzen duenarena.”

Ia demokrazia liberalerako trantsizioa egiten duen Kubak, horixe analista mediatiko gehienen buruhaustea. Gutxiri entzun diot iraultzaren lorpen jatorrei eusteak herritar umil askorentzat duen garrantziari buruz, ume guztiei esnea bermatzea eta antzeko lorpen sinple bezain iraultzaileei buruz. Analiston umeek sabela bare dute, eta mediku pribatua etxean bost minutura.

Herrialde aberatsetako progre xaloek ere, iraultza lotsagaberik ez, ezker mendebaldarra nahiago: portaera bihurtzen ez den balore-sorta, etika ez aplikatua, identitate indibidualaren apaingarria, bizi hautu bihurtzen ez den pentsamendua, ekintzarik gabeko digresioa. Pospolo bustia.

Iraultzak eman duen onenari eutsi eta txarrena aldatu, ea kubatarrek asmatzen duten etorkizun beregaina eraikitzen. Besteoi, iradokizun bat: Kuba hizpide darabilgunean, jesar gaitezen komunean, baita gizonezkook ere, zipriztin bakar bat ere kanpora isur ez dadin. Eta transgenikoei zein bioerregaiei buruz, komandante nagusi ohiak esan dituenak irakurri, astiro irakurri, oraindik orain ez baita erraza mundu honi buruz hain analisi argigarririk aurkitzea.

Bai, badakit ez dagoela modan: iragan kutsua barik, hango hainbat logikari etorkizun-sena dario. Eredu horrek beste edozeinek baino hobeto egiten ote dien aurre XXI. mendeko hainbat desafio planetariori.


1 comentario:

Marce dijo...

A ze parea barraskilo eta barea!
Martxelo