miércoles, 21 de enero de 2009

Hitza ala heriotza

Ezkerreko abertzaleok dugu beharrik handiena arazo honi bukaera azkar eta egoki bat emateko. Ezin diegu lehergailu hau gure seme-alaba eta bilobei herentzian laga. Egin dezagun zerbait.

Juan Martin Elexpuru

Itzultzailea





Berriako elkarrizketa irakurrita, ados Arnaldorekin: EAJren ezkerrera dagoen polo independista indartsu bat sortu behar da; ezin da EAJ aldatu zain egon, «zumarrari madariak eskatzea» baita, erdal esaera erabiliz.

Baina bitartean hitzerdi ere ez ETArentzat, noiz eta erakundearen praxia eta irakurketa politikoa Arnaldoren tesien antipodetan daudenean.

ETAk garbi azaldu du zein den bere bidea azken agirietan, eta norbaitek zalantzak baditu, lau kide berrien bideoa ikustea du aski. Horrela laburbildu daitekeela uste dut erakundearen ildoa: gaur ezin da politika egin ohiko bideetatik. Klandestinitatera jo beharra dago. Ziklo armatu gogor (aldendu etsaiaren egoitzetatik) eta luze batean sartu gara berriz (azkenak ia zazpi urte iraun zuen), eta indarrak bildu behar dira horretarako. Udaletako lanak helburuak desbideratzeko eta indarrak sakabanatzeko balio du gehienbat (ez da kasualitatea azken bi hilketak Arrasaten eta Azpeitian izatea, ANVk alkatetza gutxiengoan duen herrietan). Hor xahutzen diren indarrak klandestinitatean behar dira. Eta ez da, bide batez, alderdi kolaborazionisten (EA, Aralar, EB) aurpegia garbitu behar. Eta etsai guztiak eraso behar dira behingoz, EAJ ia okerragoa baita PP-PSOE baino.

Uriaren eta EITBren aurkako atentatuak alderdi hori begi-bistan hartuta egin ditu. Sekulakoa egin dutelakoan egongo dira, konturatu nahi gabe, hurbileko jendeak ohartarazi arren, EAJ indartzen dutela horrelakoekin. Aznarren garaian PP eta Zapateronean PSOE indartu zuten bezala zinegotziak hilez.

Baina eurek begirada garbiagoa dute eta urrutirago ikus dezakete. Eta ez daude bakarrik. Ziurtatuta dute segida. Erakarmen handia dute gazteriaren sektore batean. Bizitza emateko (eta kentzeko) prest daude independentzia eta sozialismoaren alde. Min handiena ematen omen duen tresnaz borrokatzen dira. Erbestea, kartzela, heriotza-arriskua... edozer gauza sufritzeko prest herriarengatik. Heroi martirien mistikak lur emankorra aurkitzen du bizi-esperientzia eta kultura politiko laburreko jende idealistaren artean. Bere bizitza emateko prest dagoenak arrazoi izaten baitu beti (aipaturiko bideoak badu antzik Ekialdeko Hurbilekoekin).

Eta ezin da ukatu sentitzeko era horrek baduela bere egia. Bi prozesu zapuztu dira azken hamar urtean (noren erruz, beste kontu bat da), eta hirugarrenik ez dirudi luzaroan ikusiko dugunik. Estatua bere legeak saltatzen edo berriak egiten ari da presoek kondena osoa eta gehiago bete dezaten; hauteskundeetan aurkezteko zeuden zirrikitu txikienak ere estalita daude; erabakitzeko eskubidearen puxika lehertuta dago. Eta abar. Horren aurrean zer? Egurra eta egurra etsaiari. Dena dela, besterik predikatu arren, gehienek badakite horrela ez dutela ezer lortuko, ez daude hain itsuak. Baina «botak jantzita hil» (eta erail) gutxienez. «Duintasunez», hau baita hitz magiko bezain baltsamikoa. «Iraultza ala hil», «Independentzia ala hil» eta horrelakoak irakurtzen dira gero eta gehiago egunkari honen foroetan eta beste batzuetan.

Eta lehen lerroa ondo hornituta duen bezala, erretagoardia ere bai. Batzuek ulertzen eta babesten dute. Beste batzuentzat ETA jainkoa da: berak jakingo du zergatik egiten duen hainbat gauza ulertezin. Zeruko jainkoak ere izurriteak, lurrikarak eta miseria bidaltzen ditu, baina horregatik fededunak ez dira kontu-eske eta gaizki-esaka hasten.

Baina bada hirugarren lerro bat, zabalena eta jendetsuena, borroka armatua amaitutzat eman eta bide politiko soilen aldeko apustua egin nahi duena. Gero eta deserosoago eta deskolokatuago sentitzen da; baina hala ere isilik, erakundearen ekintzen aurrean. Eta hitza lantresna dutenak dira asko: idazleak, kantariak, bertsolariak, kazetariak, politikoak eta politiko ohiak... «Kondenek ez dute ezertarako balio», izaten da horien ohiko erantzuna. «Kondena» hitza ezkutu gisa erabiltzen da, ondotxo jakinda (ez dago hitzaren profesionala izan beharrik) mila modu daudela desadostasuna adierazteko, berba dontsu hori aipatu gabe. Zentzu honetan, ELAk pedagogia egin nahi izan duela dirudi bere pankarten «Ez gaude ados» leloarekin.

Bitxia izan da, bestalde, azken bi atentatuen ondoren herriko alkateak edo bere garaian estatuak itxiarazitako bi egunkarien oinordekoen ordezkariek elkartasuna adierazteko modua: elkartasuna familiari edo medioari eta langileei, baina kritikarik ez erasotzaileari. Oso koherentea.

Erakunde armatuak badaki hirugarren zirkulu horretako zati handiena ez datorrela bat bere jokabidearekin, baina ziurtatuta duela haren isiltasuna; eta nahikoa zaio hori. Koru mutu hori duen bitartean, luzaro jarrai baitezake horrela. Gainera, estatu mendeku zaleek eskubideak gupida gabe zapaltzen dituztenean, badaki mutu izateari utzi eta ozen abestuko duela. Eta hemen dago korapiloa askatzen hasteko balio dezakeen hari-punta: koru horrek erakundeari oker dabilela eta gelditzeko esaten dionean hasiko gara bakarrik tunelaren irteera ikusten. Hori gabe, jai dago.

Zorionez, bada argitxorik ilunpean. Demoek Mugerren jarrera kritikoa duten lau presori egindako omenaldia eta argitaraturiko manifestua, esate baterako. Tabu bat hautsi da. Nabarmena da inportantzia sinboliko handiko ekitaldia izan dela, barruko zein kanpoko jende askoren kontzientziak astinduko dituena.

Gauzak okerrera egiteko itxura dute. Azken bi atentatuak ikusita, auskalo zenbateraino zabal daitekeen jomugen abanikoa. Eta ez dirudi ez oso inteligentea eta ez oso intelektuala obusak norberaren patioan erortzen ikusi arte itxoitea hitz egiten hasteko.

Eta honaino helduta, zer esan polo independentistaz eta indar metaketaz? Arnaldok, mundu guztiak bezala, badaki ez dela horretarako baldintzarik sortuko borroka armatuaren zikloa amaitu arte.

Ezkerreko abertzaleok dugu beharrik handiena arazo honi bukaera azkar eta egoki bat emateko. Ezin diegu lehergailu hau gure seme-alaba eta bilobei herentzian laga. Egin dezagun zerbait.






No hay comentarios: