domingo, 9 de marzo de 2008

Azkena izan dadila

MARTXELO OTAMENDI

anaLISIa

Gure azken urteotako historiaren puntu beltzera garamatza atzo Arrasaten Isaias Carrascoren aurka ETAk egindako atentatuak.

Heriotza horrek, Carrascoren bizitzeko eskubidea urratzeaz gain, samina sortzen du herritarrengan (bereziki hildako zinegotzi ohiaren inguru familiar eta politikoan), eta etsipena zabaltzen du gatazkari irtenbide negoziatuta eman nahi diotenen artean. Urteak zeramatzan ETAk alderdi politiko bateko kidea hil gabe, eta Espainiako hauteskundeen kanpainaren azken eguna aukeratu du erabaki ahalmen politikorik batere ez zuen PSE-EEko kide bat hiltzeko.

Atzo Arrasaten ETAk zabaldutako bideak ez luke segidarik izan beharko, atzerabidea ez daukaten ondorioak izateaz gain murriztu egiten duelako konponbidea beste bide batetik eraman behar den ideia sustengatzen duten herritarren kopurua. Eta herritar kopuru handi eta ilusionatu bat gabe, ezinezkoa da gure herriarentzat horren beharrezkoa den mugimendua martxan jartzea. Etsipenak ez du tarterik uzten aurrera egin eta indarrak, pentsaera eta ideologia desberdineko indarrak, biltzeko. Eta atzoko atentatuak etsipenera daramatza herritar asko.

Estatuaren gehiegikeria politiko eta judizial larriak jasan ditu ezker abertzaleak azken hilabeteotan, bere zuzendaritza politiko guztia kartzelara eramaterainoko gehiegikeriak. Ezker abertzalearen hainbat erakunde politiko, politikaren esparruan jarduteko legitimitate eta eskubide guztiak eduki beharko lituzketenak, legez kanpo utzi eta kideak kartzelara kondenatu berri dituzte. Inolako arrazoirik gabe, mendeku hutsa aplikatuta kondenatu dituzte erakunde politiko horietako kideak.

Baina gure inguru politikoan parekorik ez daukan jokabide ofizial horrek ezin du ezker abertzalea itsutu, ezin du ezker abertzalea eraman politikoki aurka bihur dakiokeen estrategiara. Panorama ezinezkoetan erakutsi behar du ezker abertzaleak egoera hoztasunez iraultzeko iaiotasuna. Zaila dauka, eraginkortasun ahalmena murriztu diotelako azken erabaki judizial eta politikoek.

Lehenago bizi izan ditu horrelako jazarpenak ezker abertzaleak, eta jakin izan du iskin egiten egoera zail horiei. Ahaleginak biderkatzea da herritar askok, baita ezker abertzalekoak ez direnek ere, eskatuko diotena; garbi ikusten baitute ez dela konponbiderik izango ezker abertzalearen parte-hartzerik gabe. Egoera zail eta ustez irtenbiderik gabeko horretatik ateratzen ahalegintzeko ardura daukate denok, justizia haien nahiera erabiltzen dutenek eta baita ere atzo Arrasaten Carrasco bidegabeki hil zutenek.

Onartu beharra dago ez dela hau garairik errazena elkarrizketarako ahalegina berritzeko deia egiteko. Baina elkarrizketa eta akordioa dira bide bakarra konponbidean aurrera egiteko, eta atzoko hilketak eta aurreko hilabeteetako ekinaldi judizial eta politikoak behaztoparri dira eginkizun horretan.

Isaias Carrascoren heriotzak urteotan asko luzatu den zerrenda baten azkena izan behar du. Alde bateko eta besteko eskubide urratzeek bukatu behar dute, eta hitza eta konponbideari bidea eman. Horiek direlako gatazka konpontzeko tresnarik eraginkorrenak. Hemen eta munduan.

No hay comentarios: