miércoles, 18 de febrero de 2009

Arkakusoen jauziez

Joseba Azkarraga Etxagibel

Ba omen dator demokraziaren festa. Badator txeke zuria sinatzeko unea. Laster jakingo dugu zakurren arkakusoek edo katuenek, zeintzuk egiten ote duten jauzi handiagoa, halakoxea baita espektakulu mediatiko bihurturiko gure demokrazia eredua (are, zirkuko agertokian guztiek lekurik ez dutenean).



Polisaren antolamendua erdigunean jartzeko erritua behar zuen. Politikarien zorri eta arkakusoen jauziez haratago, politikaren muineko galderak uste baino altuera handiagoa baitu: Zein da bizitza ona? Zelan bizi nahi dut/dugu? Zein proiektu indibidual eta kolektibok merezi ote du bizitzeak? Hortxe, Politika, letra larriz, ez espektakulu larregiz.
Galdera potoloegiak? Ez nuke esango momentua gutxiagorako denik: munduan, eredu ekonomiko, sozial, kultural, moral, energetiko eta ekologiko baten porrota begi aurrean dugu. Eta, polisari buruzko debatean, era horretako krisi sistemikoek behar lukete unerik aberatsenak. Baita euskal polisari buruzkoan ere, partea (euskal gizartea) osotasunean dagoen bezalaxe (mundua), osotasuna partean kondentsatzen baita.
Besterik da euskal politikaren eremutxoan garaiz konturatzen ari ote garen sistemaren pitzaduraren tamainaz, sakoneraz. Politiko profesionalen agendetan zulo kognitibo itzelak baitaude, eta debatea zinez pobrea da, ondorioz. Herritarren zuloak ez dira gutxiagorako: “Begira, arkakuso horrek jauzi polita eman du” dio oraindik aspertu ez den herritarrak, espektakulo mediatikoaren argiek itsuturik.
Demagun, politikaren sakoneko galderak planteatzen direla hauteskundeotan. Esaterako: Zorriez gain, zorra nahi al dugu gure bizieraren oinarrian? Kontsumismoa nahi al dugu gure eredu ekonomiko eta kulturalaren erdigunean? Mundua txikitu den honetan, euskararen herriak biziraun ahal izango du hegemonia gune sendoak sortu barik? Umeen hazkuntza jarri nahi al dugu lehentasunen zerrendan? Hazkunde ekonomiko etengabearen paradigma, betegarria bai, baina bateragarria ote da biosfera mugatu batekin?
Gaur Progresoa ulertzeko dugun modua (etengabeko hazkunde ekonomikoa), soluzioa ala galbidearen muina ote den galdetzeko adorerik ez dago euskal politikagintzan. Beharbada ez dago Europa osoan. Galdera lotsagabe horrek kalte egingo bailioke boto kopuruari. Eta, halere, duda egiten dut ba ote dagoen galdera garrantzitsuagorik.
Garaiz omen gaude mundua birnorabidetzeko, eutsigarritik jotzeko etsigarritik baino. Ordea, krisi sistemikoaren aurrean politikari askok gehiago kontsumi dezagun eskatzen digute. Eta ni, beharbada xalotasun pixka batekin, zain nago politikari profesionalen batek noiz esango kontsumo-gizartea irrazionaltasunari eraikitako monumentua dela; are, izadiaren aurkako krimen izendatu beharko genukeela (naturaren, hurkoaren eta niaren kontrako krimena baita).
Bada, ez: gaurko errespetagarri gehienek belarriekin txalo egiten dute sistema ekonomiko, sozial eta kultural horren alde. Eta, gainera, suari egur gehiago bota nahi dion piromanoaren antzera joka dezagun eskatzen digute. Eta herritarrok, jokoan blai: “Begira, oraingoan jauzi handiagoa egin dezake arkakuso malapartatu horrek”.
Ikasle batek, azterketa idatzian Gandhik aspaldi esandakoa irakatsi zidan: “Munduko biztanle guztiak modu duinean asetzeko beste baliabide, izan, badugu; ez, ordea, gutxi batzuen kapritxoak betetzeko lain”. Datu funtsezkoa da. Eroan dezadan xalotasuna goialdeetara: gauzak horrela, 1848an John Stuart Mill-ek zioen moduan “bizitzaren artea perfekzionatu” behar genuke, “progresatzeko artearen kezkarekin hain xurgaturik” bizi ordez.
Martxoak 1, herritarrok bozkatzeko eguna. Ea hurrengo lau urteetako egun guztiak jardun politiko aktiborako diren. Ea politikaren objektu barik, subjektu izateko diren. Bakoitza bere modura, abian herria. Polisa egunero eta ekintza ororen bidez egikaritzen ari baikara.


No hay comentarios: