miércoles, 4 de febrero de 2009

Yolanda Gonzalez Boloniaren planen aurkako borrokan egongo litzateke



Gure gaurko gazteak borrokan daude, ez dute onartzen unibertsitatea merkatu bihurtu nahi duen PSOEk eta PPk ezarri nahi duten plana. Hor ditugu, kalean, asanbladetan, debateak egiten eta errektoretzak okupatzen, jo ta ke. Unibertsitea merkataritza arauen menpeko jarri nahi dute politikariek eta merkaritza errentagarritasuna lege bihurtuta lehiakortasuna, produktibitatea eta eranginkortasuna ezarri.

Unibertsitateak aukera berdintasuna eskaini beharko liekee gazteei, gizarte beharrei erantzun, eta kultura, sorkuntza eta ikerketagune bihurtu. Honen ordez, enpresen esanetara dauden dirudunentzako Masters elite bat sortu nahi dute.

Unibertsitate burukraziazale eta zaharkitu honek Kapitalismo eta europar enpresaburuen mesederako egingo du lan. Trantsizio hastapenetatik daramagu aldean eta UCDk, PSOEk eta PPk egin zituzten hainbat erreforma gorabehera guztiek zuten oinarrian akats bera : ikasleei eta berauen parte hartzeari bizkar ematea eta unibertsitatea mundu hobe eta zuzenagoa lortzeko tresna izan zedin nahi zuten irakasleak kontuan ez hartzea.

Orain dela 29 urte, 79/80 ikasturtean, hain zuzen ere, unibertsitateko eta irakaskuntza ertaineko ikasleak kalean ari ziren UCDk ezarri nahi zituen Ikastetxeen estatutu eta LOECE lege unibertsitarioaren kontra a . Ikasleek eten gabean ziharduten zentroen kudeaketan eta ikasketa planen diseinuan parte hartzeko aldarrikapenetan. Abendu hartan, bat egin zuten ikasleek eta langileek Langileen Estatutuaren borroka ere bere eginda. Orduan poliziak Emilio eta Jose Luis erail zituen. Borroka hark gaur den bezala dirau.

29 urte geroago Yolanda Gonzalezek ere gaurko gazteekin bat egingo zuen Boloniako planen aurka tinko, baldin eta UCDko barne ministro Rosonek, estatuaren aparatuko 2 poliziek, Fuerza Nueva erakunde armatuak (Martinez Loza zen antolaketa arduraduna), eta beronen bi jarraitzaile hiltzaile Hellinek eta Abadek, erail ez balute.

Irtenbiderik gabe, gizarte bazterketara, eten gabeko prekarietatera, familiaren mende egotera eta lelotu eta hustu baino ez dituzten merkataritza kontsumora kondenaturik egon nahi ez duten eta kalera ateratzen diren ezkerraldeko gazte antikapitalisten ondo-ondoan eta elkar hartuta egongo litzateke Yolanda. Gaur ere, buru belarri ekingo lioke iraultzari gaurko gazteen ondoan.

Nire borrokakideak, Yolandak, 19 urte zituen 1980ko otsailean. Deustukoa zen, euskal herritarra, Vallecasko LH institutuan elektronika ikasketak egiten ari zen, Madrilgo unibertsitatean PNN zegoen mutilagunarekin bizi zen. Borrokalari kementsua zen, ikasleak asanbladak eta ikasleen koordinakundeetarako ordezkarien hautaketak bultzatzen zituen. Ikasle borrokalarien artean nabarmendu zen, gizarte kapitalista ustel eta ez zuzenari buelta emateko, ideia argiak, printzipio irmoak, eta pertsona ausarta eta erabakiorra zelako.

Azken agurrean esan genuen bezalaxe: Yolanda gaztea zen, emakumea eta euskalduna. Funtsezko hiru arrazoi zituen borrokarako. Emakumea izanda bere askapenaren alde borrokatzeko eskubide osoa zeukan, euskalduna izanda Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko borroka zuen bere-berea, eta gaztea izanda, gazteen aldarrikapenak. Hauek guztiak borroka bakar batean eraman zuen aurrera: sozialismoarena, iraultzarena, alderdi iraultzailearena.

Yolanda, gaur inoiz baino biziago zaude gazteen borrokan eta guk beti izango zaitugu gogoan.






No hay comentarios: