Estigmatizatzen da eta egina dago. 2001. urteko udan Txapel Okerren kapitain batek txosten bat ziurtatu zuen Egunkaria ETAren menpean zegoela esanez, eta nahiko izan zen Espainiako Fiskal Nagusi Eduardo Fungairiño jaunak onartu, Auzitegi Nazionaleko Juan Del Olmo epaileari pasa eta honek euskaraz zegoen egunkari bakarra zarratzeko
Froga eskas antzeko bakarra: ETArenak omen ziren dokumentu batzuk. Eskasa benetan froga: dokumentu berberak 1998. urtean Egin itxiarazteko erabili ziren. Bost axola Baltasar Garzon epaileak berak ere errefusatu bazuen Txapel Okerren kapitainaren txostena.
Egunkaria ETAren amaraunean sartzeko, ez zen behar gehiagorik. Zuzenbideko Estatuaren izenean. Horrela itxi zuten Egunkaria. Handik aurrera, estigma inposatuta, akusazioa frogatuta balego bezala hartu dute alderdi politiko eta komunikabide indartsuenek.
Azken finean, alderdi politiko eta komunikabide indartsuenek Euskal Herriko irudi jakin bat eman nahi dute, non ETAren garroak herritar talde gehienetara heltzen diren. Baina errealitatea bestelakoa da. 2007ko azaroko azken Eurobarometro-ak (abertzale izatearen susmopetik urrun dagoena) esaten du ETAren kontra, modu batean edo bestean, Euskal Autonomia Erkidegoko %86 dagoela. Eta inkestei kasu handiago edo txikiagoa egin, argi dago gizarte sektore garrantzitsu bat presoekin identifikatuta dagoen bezala, era berean, badagoela -eta gehiengo handiagoa gainera- ETAk behin betirako su-etena deklaratu beharko lukeela eskatzen duena.
Errealitate soziologiko horrek euskaltzale mugimendu anitza ETArekin identifikatzeko argumentuen nahia hankaz gora jartzen du. Administrazio Publikoetatik, batetik, eta, bestetik, ETA erakundetik haratago badago egon bizitza. Eskema erraz horretatik herria jokoz kanpo geratuko litzateke. Giza talde gehienen bizitza barruti horietatik kanpo gelditzen da.
Euskal Herria, batez ere, parte hartzen eta botoa ematen duten herritarrak dira; era positiboan identitate plus sendoa eraikitzen ari den komunitatea da; eta elkartasunerako erakundeak uztartzen duen gizarte sare zabala da. Ikuspegi hirukoitz hau gabe zaila egiten da gizarte mosaiko hau ulertzea.
Egunkaria-ren erabakiak eta gizartean duen lekua ETAren balizko amaraun instrumentalaren bidez azaltzen saiatzea herri honi alderantzikatutako prismatiko batzuekin begiratzea litzateke, paranoia hutsalean erortzeko arriskua izanik.
Egunkaria-ren kontra irekitako sumarioa juridikoki zentzugabea da, ETAren edozein helbururekin bat etorriz gero beren amaraunean parte hartzea dela, nahiz eta kontziente ez izan, oinarritzen duelako. Baina soziologian giza taldeetako ekintzaileak aktore arrazionalak dira, eta ezin dira izan ezerezaren kontzientzia gabeko parte.
Aipaturiko planteamendua onartuko balitz, ETAren partaide izango lirateke abertzale guztiak; eta ez abertzaleak bakarrik, baita edozein euskaltzaletasun adierazten duena ere (Caro Baroja, Barandiaran...). Eta nahikoa izango litzateke aldarrikapen abertzaleren bat egitea, ETAra hurbildu, asimilatu edo partaide zarela susmopean izateko. Horrek soziologikoki zentzugabekeriara garamatza, edo, gertatzen ari den bezala, mugarik gabeko eta zabaltzen doan errepresio itsura.
Komunikabide bat zarratzea erabaki oso larria da, aldez aurretik behintzat askatasunaren kontrako erasotzat jo behar dena. Egunkaria itxi zenean, prozedura juridiko-penalerako sumarioa benetako egintzetan oinarritutakoa behar zuen. Are gehiago -eta edozein irizpide kontzeptualen ikuspegitik- ez delako bateragarria, kontrajarria baizik, «herritarrei begira sortutako erakundea» izatea eta, era berean, bortizkeriaren laguntzai- lea. Gainera, Egunkaria-ren kasuan, hizkuntza berreskura-penean duen garrantzizko era-gina dela eta, zuhurtzia gehigarria kontuan izan behar zen. Aldiz, sumarioak kontuan hartu behar zuen minorizatutako kulturaren hizkuntzaren alde minorizatuan izan zitzakeen ondorio kaltegarriak, herritar xumeen hainbeste ahaleginez eraikitako proiektuaren ekonomi porrota eta komunikabideak jendearengan zuen oniritzi zabala. Izan ere, zauriak sendatzen erraza izango ez den umilazio kolektibo modura bizi izan zen Egunkaria-ren itxiera.
Halaber, exijitu behar zen froga argirik gabe ezin zirela Martin Ugalde edo Joan Mari Torrealdai moduko euskal kulturako pertsona esanguratsuak gaizkiletzat jo.
Egunkaria-ri leporatzen zaizkion egintzak hamalau urte aurretikoak omen ziren. Ze arrazoi zegoen prozesua zabaltzeko begi-bistako delituaren larritasunik gabe, froga argirik ez bazegoen eta susmopean zeuden pertsonak epaitzeko egintza argien bilketa egin aurretik? Zergatik kautelazko itxiera, artean, euskaldun irakurleentzat eguneroko kazeta bakarra izanik?
Baina, Estatuak ETAren amarauneko partaide izateaz akusatuta, estigma horren aurrean, badirudi arrazoinamendu demokratiko eta askatasun sentimendu guztiak blokeatzen direla. Horrez gain, haratago doan beste kontu bat ere badago tartean, su-eten garaian ere aplikatu zena: informazioaren pluraltasuna ukatzea, askatasun adierazpenaren baztertzea, oinarrizko eskubideak murriztea eta euskararen kontra egitea.
Egunkariaren kontrako sumarioaren izaera ikuspuntu honetatik aztertu behar dugu. Eta ikuspuntu honetatik abiatu behar gara aurre egiteko eta kazeta horrekiko elkartasun adierazpenak lantzeko.
Estatuak ETAren amarauneko partaide izateaz akusatuta, estigma horren aurrean, badirudi arrazoinamendu demokratiko eta askatasun sentimendu guztiak blokeatzen direla. Haratago doan beste kontu bat ere badago tartean, su-eten garaian ere aplikatu zena: informazioaren pluraltasuna ukatzea, askatasun adierazpenaren baztertzea, oinarrizko eskubideak murriztea eta euskararen kontra egitea
Petxo Idoyaga
EHUko Komunikazio katedraduna
lunes, 9 de junio de 2008
ETAren amarauna eta 'Egunkaria' (BERRIAn)
Publicado por Ekaitza en 23:12
Etiquetas: Egunkaria, Petxo Idoyaga
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario