miércoles, 3 de diciembre de 2008

Ni Goirizelaiaren alde, harrotu gabe


Iñaki Antiguedad

EHUko errektoregai ohia

Etzi hauteskunde eguna dugu EHUn datozen lau urteetan unibertsitate horren lemazaina zein izango den hautatzeko, lehian hautagai bi baino ez direla. EHUk azken urteetan bizi dituen arazoak, azaletik behintzat, ezagunak dira handik kanpo, azken finean unibertsitatea kanpoan denaren isla ere badelako. Arazook okertu egin dira aurtengo maiatzeko hauteskundean errektorearen aurkako botoak aldekoak baino gehiago izan zirenean. Ezetzaren arrazoiak asko eta askotarikoak izan ziren, nahiz eta emaitza ondoen baliatu dutenak ezetzaren aldeko manifestukoak izan, euskarazko gaindosiaren ikurpean Unibertsitatea eta Euskal Herria bera ulertzeko modua datzala.

Hainbatek galdetu du, 2004an ni buru zuen hautagaitzaren emaitzak gogoan, zergatik ezkerreko abertzaleok ez dugun oraingoan hautagaitza aurkeztu, argi egonda oraingo hautagai bien programak gure unibertsitate eredutik urrun daudela, helburuan eta helbideetan urrun, gehiago edo gutxiago. Arrazoi batzuk badira gure baldintzak aldatu egin direla azaltzeko. Nik bi emango ditut, elkarri lotuak, panorama bera eta horren aurreko jarrera desberdinak argitu nahian.



Zein da EHUren lekua Euskal Herrirako unibertsitate sisteman?

2004an Euskal Herriko Unibertsitatea, Izenetik Izanera ardatzera bildu ginen ikasleak zein langileak, azken kolektibo horretara irakasleak, ikerlariak eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalekoak bilduta. 2008an Euskal Herrirako Unibertsitatea gure helmuga ardatzera bildu gara langileok, plataforman. Ardatz bera, bestelako unibertsitatea posiblea dela sinetsita. Dibergentzia agerikoa da gaur ikasle eta langile kolektiboen artean. Belaunaldien talka izan liteke, sinplean esateko, sinplea denak beti egiaren parte bat faltan duela jakinda ere. Beharbada, belaunaldi kontua baino gehiago gauzak ikusi eta baloratzeko perspektiba izan daiteke aldatzen dena, unibertsitatearen barruan zein kanpoan. Plataforman argi dugu EHU honek, aldaketak aldaketa, funtsezko lekua duela biharko euskal unibertsitate sistema publikoan, bera baita era guztietako baliabideetan handiena, eta ezin dela sortu beharreko beste unibertsitate baten arerio, arrotz, hartu behar.

Zelan baloratu orain arte EHUn egindako urratsak?

Aurrekoaren segidakoa da hau. Izan ere, zaila da EHU arrotz sentitzen duenak positibo hartzea azken urteotan bertan egindako urratsak. Plataformakook, ostera, positibo hartzen dugu hainbat urrats, auto-gogobetetzean jausi gabe, eta kritiko agertu bestelakoetan. Euskara da ikasleek gehien argudiatu dutena EHU arrotz hartzeko. Oraingo irakasle gehienok, EHUn ikasle ohiak, ondo baino hobeto dakigu azken urteotan euskarak izan duen bilakabide positiboa, datuak datu; are gehiago, neurriko harro sentitzen gara bide horretan egindako ahaleginez, parte hartu baitugu indarrean den euskararen plan zuzendarian. Berriz diot, ez gara autokonplazentzian jausten, baina zuri eta beltzaren artean grisak ikusteko eta grisetatik ibiltzeko ikasiak gara, helburu bati berari ere uko egin gabe. Unibertsitatearen barruan zein kanpoan eraldaketa prozesuak ulertzeko moduak dira hemen ezbaian; orain artean, zoritxarrez, ikasleekin garatu ezin izan dugun ezbaia. Seguruenik, hau bai kolpea gure artean!, EHUn euskararen gaurko estatusa baloratzeko perspektiba da kolektibo biak gehien bereizten gaituena, langileok nondik gatozen ondo jakin badakigulako.

Gogoeta hau batez ere euskararen inguruan zentratzeak ez du esan nahi hautagaien programetako beste atalak aparte utzi behar direnik; are gehiago, gure programaren zutabeak ezagunak dira, bai 2004an eta bai 2008an ere ateratako dokumentuetan. Baina gaur-gaurkoz euskarak hartzen du gure artean zentralitatea. Hortaz, nire gogoetatik beste gogoeta eskatuko nieke gaurko EHUn euskararen alde izanda abstentzioaren aldeko diren kide guztiei: estatus bera izango ote du euskarak EHUn abenduaren 5etik aurrera hautagai batek edo besteak irabazita? Lortua dugunari eutsi behar ote diogu biharko urrats berrietarako abiapuntu sendoa hartuta ala lortua duguna galtzen utzi behar ote dugu bihar guk geuk egin beharreko urrats berrien helburua hartuta? Horra balantza, bozetan batera edo bestera okertuko dena.

Eta Bologna heldu da, ikasleen lantza-buruko beste gai nagusia. Progresoaz jantzita goitik datorkigun inposizio neoliberala; bai, jakitun nago. Are gehiago, jakitun nago sortu beharreko beste edozein unibertsitatek ere bete beharreko esparrua dela, legezkoa izango bada; esparruaz nago, neurri zehatzak eztabaida baten ondorio direlako. Hortaz, bada Bologna ikusteko modu bi, eta berriz bueltatzen gara perspektiba talkara, inposizio huts hartu eta kontra agertu edo esparru horretan arriskuak ez ezik, aukerak ere ikustea. Jakina, EHUk ez du behar beste zabaldu tamaina honetako erronkak berez eskatuko lukeen eztabaida, eta horren ondorioak agerian dira. Baina protestekin batera proposamenak ere egin behar dira, demokrazia hitzetatik aterako badugu. Elkarlana behar dugu ikasleekin, horretan ere, baina horretarako EHU gerora begira aritzeko esparrua duten jakin behar dugu. Horra dilema, esparrua lehen eta elkarlana segituan.

Posibilista garela plataformakoak? Jakina, zein da gaur eta hemen inposibilista? Kontua bestelakoa da, non jartzen duen bakoitzak unean une EHUn posible denaren muga eta norako bidean egiten dituen urratsak. Horra koska, unibertsitatearen barruan zein kanpoan. Horra, zoritxarrez, ikasleekin dugun talka. Guk geurea ere baden unibertsitate honetan ez gaude prest atzera egiteko, asko kostatu baitzaigu lortua dena lortzea; are gehiago, EHUren geroa gazteleraren gaindosian sustatu nahi duten horien eskuan izateko arrisku handia izanda. Eta batak zein besteak irabaztea berdin zaiola esaten duen unibertsitario euskaldunik bada, unibertsitate honek behar besteko gaitasun kritikoa duten pertsonak hezteko gai ez den seinale da; baina ez, oraingoz, Bolognagatik, irakasleongatik baizik, seguruenik.

Eta kritikoak kritiko, ez ditzala inork parean jarri EHUko hauteskundeak eta autonomikoak. Posibilismo desberdinak dira jokoan. Unibertsitatea esparru propioa da. Nik, EHUko jokoan, etzi Iñaki Goirizelaiari emango diot botoa, uneak eskatua. Eman eta puntu, auto gogobetetzean jausi gabe. Baina eman. Lotsatu gabe, harrotu gabe. Etzi botoa, etzidamutik aurrera esku batean elkarlana bestean kritika zorrotza. Ezkerreko abertzaleontzat baldintza berriak sortzen. Gaztetxe bateko komuneko atean irakurria: Hobe da arrazoiaren parte bat izan garaiz zaudenean, arrazoi osoa berandu denean baino.

No hay comentarios: