miércoles, 17 de diciembre de 2008

AHT Gelditu! Elkarlanaren komunikatua

AHT Gelditu! Elkarlanak AHTren oposizio sozialaren zilegitasuna berresten du

AHT Gelditu! Elkarlanaren iritziz, Inazio Uriaren heriotza eragin zuen atentatuak, eragin zuzena izan du, bai pertsonengan, zein taldeengan, oro har, AHTren aurkako mugimendua osatzen dugunongan. Ezusteko saltoa izan da. Atsekabea sortu duen gertaera da eta AHT Gelditu! Elkarlana osatzen dugun talde guztien artean eztabaida sakona egitera bultzatu gaituena. Eztabaida horrek denbora eta ahalegin handia eskatu digu eta aipatu denbora hori, hausnarketarako ez ezik, talde eta kolektibo guztien artean zabaltzeko erabili da. Horrelako eztabaida egin ahal izateko, beharrezkoa izan da, noski, proiektu honek ingurumenean, nekazaritzan, gizartean, ekonomian eta lurraldean eragingo dituen kalte larrien jabe izanda, AHTren aurkako oposizioa osatzen dugun kolektibo, sindikatu, talde politiko eta sozialen aniztasuna eta sentiberatasun pertsonalen pluraltasuna kontutan edukitzea.



Lehenengo eta behin, garbi utzi nahi dugu AHT Gelditu! Elkarlanak bere autonomia defendatzen duela mugimendu sozial gisa eta orain arte erabili dituen borroka-molde eta bideak berresten dituela. Aipatu bide horiek, proiektu suntsitzaile honen ondorioak eta izaera inposatzailea gizarteratzea, mobilizazioak eta desobedientzia zibila bultzatzea eta udalen oposizioa laguntzea baino ez dira izan. Molde eta bide horiek berresten ditugun momentutik, Azpeitiako gertaeretatik desmarkatzen gara eta oso garbi geratzen da jorratzen ari garen bideak ahalik eta parte-hartze sozial zabalena biltzen duela, bide baketsuak erabiliz; horren erakusle 2001ean, herri-mugimendua sortu zenetik, gehiengo sozial eta sindikalaren babesa jaso izana. Zentzu horretan, hainbat komunikabide eta ordezkari politikoren jarrera salatu nahi dugu, orain arte AHTren aurkako mugimenduak aurkeztutako arrazoiak kontuan hartzeaz ez baitira arduratu ere egin, ez eta gizartean eman den eta ematen ari den eztabaida sakona islatzeaz ere. Gainera, jazarpen mediatikoa eta AHTren aurkako mugimenduaren kriminalizazioa areagotzen dituen saiakera lotsagabean jarraitzen dute. Horregatik guztiagatik, ezin dugu onartu AHTren aurkako mugimendu sozialaren zilegitasuna zalantzan jartzea eta berau errespetatua izate exijitzen dugu.

Eragile politiko, ekonomiko, sozial, sindikal eta instituzional guztiei eskatzen diegu hausnarketa sakona burutzea, AHTren gatazka orain dagoen egoerara eraman duten arrazoien inguruan, eta funtsezkoa iruditzen zaigu inplikatuta dauden eragile guztiak eta gizarteak oro har, AHT gelditzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko zilegizko bide eta molde eraikitzaileen inguruan eztabaidatzea. Egoera hau proiektuaren inposizioa areagotzeko erabili nahi duen klase politikoaren zentzugabekeria salatzen dugu eta hain erantzuna izan den proiektuaren inguruan zentzua erabiltzeko deia egiten diegu, batez ere, oposizioaren eskutik garatu diren arrazoien inguruan beharrezkoa den eztabaida burutu dezaten.

Azken gertaerak herri-mugimenduaren aurkako balizko bide errepresiboak irekitzeko erabiltzearen ideia lehen bait lehen baztertzea exijitzen dugu, eta nabarmendu nahi genuke, lehenik PPk eta ondoren PSOEk egindako mehatxuak AHT Gelditu! Elkarlana estrategia politikoen jokoan nahastea besterik ez dutela bilatzen. Ez gaude ados joko horrekin eta guri ez dagokigu joko horretan sartzea, AHTren aurkako mugimendu hau izaera anitza eta bateragarria izateko asmoz sortu baitzen eta oinarri horrekin jarraitzen baitu. Gure kezka agertu nahi dugu, honek guztiak mugimendu sozialean eta gizartearen osotasunean eragiten dituen ondorio kaltegarriak gizarteari adieraziz. Argi utzi nahi dugu muturreko egoera honetara iritsi izana ez dela gure ardura izan, egin dugun gauza bakarra gardentasuna eskatzea, aurkakotasuna bideratzea eta ezarri diguten boikot mediatikoaren gainetik gure ahotsa entzunaraztea izan baita.

Honaino, AHT Gelditu! Elkarlanak egin duen hausnarketa, kontutan izanda bertan parte hartzen duten kolektibo eta pertsonek euren hausnarketa propioak egin ditzaketela.

Beraz, AHT Gelditu! Elkarlanak orain arteko bideari eutsiko dio eta orain arte erakutsi duen indarrarekin proiektu hau gelditzeko asmoz, instituzioetatik inposatzen ari diren garraio, garapen, lurralde antolaketa eta gizarte-eredua zalantzan jarriz.

Horregatik, hurrengo hilabeteetan deituta ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu:

o Bihar, osteguna, abenduaren 18a, tokiko kontzentrazioak AHTren sustatzaileen aurrean.
o Urtarrilak 15, tokiko kontzentrazioak alderdi politiko sustatzaileen aurrean.
o Urtarrilak 17, “Euskal Y”aren obretara manifestazioa, Urbinako plazatik, eguerdiko 12:00etan.

AHT GELDITU! ELKARLANA


3 comentarios:

xa2 dijo...

Politikarientzat, gizartearentzat...
Eta ETA-rentzat mezurik ez?

ion dijo...

ETA-rentzat be egon badago, modu inplizituan behintzat. Elkarlanatik etorrita (non sensibilidade desberdinak dauden) ez da txarra komunikatua, nik uste.

xa2 dijo...

Baina inplizitoki ez da nahiko.
Egia da sensibilidade asko daudela, baina zein da nagusitu dena?
Zergatik ez da adostu Mikel Alvarz, Iñaki Barcena Rosa Lago eta Bikilaren moduko komunikatua?
Zergatik ausartzen gara edozein alderdi edo sindikaturi buruz edozer esaten (eta koordinadorari dagokionez adosten) eta ETA aipatzera ere ez?
Galtzaile: koordinadora, euskal herriko ekologismoaren inguruko mugimenduak eta euskal gizartea bera.